ADOSTUTAKOA EZ BETETZEAGATIK ETA ZIKLOTURISMOA NEGOZIOTZAT HARTZEAGATIK
Orain egun batzuk, sare sozialen bidez Berrizko Martxa Ziloturistaren IX. edizioa noiz egingo genuen galdetzen ziguten. Zintzotasunez eta federazioarengan fede apur bat genuelako, urtero legez, ekainaren lehen igandean, erantzun genien.
Bagenekien Fondo Handiko Transbizkaia ''BIBE'', zikloturismo munduan berria den froga, dagoeneko hirutan data aldatu duena (2018koa barne), ekainaren 3a iragartzen zebilela.
Berriz Bizikletari Elkarteak, bazekien BIBE izen-ematea komerzializatzen hasi zela abenduaren 20an. Gainera izen-emate gonbitea be jaso dugu.
Haizeak kontra jotzen zuen baina gu lasai geunden, hilabete batzuk lehenago Bizkaiko Txirrindularitza Federazioarekin hitz egin genuelako eta zikloturista proben egutegian lehentasuna dugula ziurtatu ziguten eta aurreko edizioetako data berbera mantenduko genuela.
Zoritxarrez, egunotan, Federaziotik dei bat jaso dugu, sekretua zena aireratzeko: Berrizko Martxa Zikloturista ezin da ekainaren 3an ospatu. Badirudi, Trafikotik ez dutela aurkeztutako data hori onartu eta aukera ezberdinak ematen dizkigute. Trafiko sailak, bere egunean gure Martxako bi ibilbide debekatu zizkigun. Eta nola da posible, beste batzuen ibilbideak baimentzea?
Nabarmendu behar dugu ''BIBEK'' ez duela Federazioko zikloturista egutegian parte hartzen nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu eta badirudi Aldundiak, kirol federazioak ikuskatzen ez dituen proben aldeko apostua egiten duela.
Berriz Bizikletari Elkarteko kideok, Berrizko Martxa Zikloturista antolatzen dugu txirrindularitzaren balio eta kultura sustatzeko eta bide batez gure udalerria eta Bizkaiko kostaldea ezagutarazteko. Antolatzaileak boluntarioak gara eta gure xedea, inoiz ez da etekin ekonomikoarekin lotu; zirkuituko merkeenetarikoa baita. Eta badirudi eredu hau ez datorrela bat gure erakundeen helburuekin.
Orain hausnartu behar dugu; Martxarekin jarraitu edo ez. Gure erabakia ez da, data zehatz bat finkatzea. Umezurtz sentitzen gara, Federazioak ez gaitu babestu eta ez dugu erakundeek sustatzen duten txirrindularitza eredu honen alde egingo.
Berriz Bizikletari Elkartea